#ESikasten: gaztelaniara itzultzen; gaztelaniaz idazten - 2017

#ESikasten: gaztelaniara itzultzen, gaztelaniaz idazten ikastaroa antolatu du aurten EIZIEk, Idoia Santamaría irakaslearekin. Ez da elkarteak gaztelania lantzeko antolatzen duen lehenengo ikastaroa, 2009tik 2013ra bitartean urtero antolatu baitzuen Gaztelania xede izeneko mintegia. Orduko esperientzia oinarri harturik, euskaratik gaztelaniara itzultzeko behar gero eta handiagoari erantzun nahi izan dio elkarteak aurten ere. Hogeita hamar lagunek baino gehiagok eman zuten izena zortzi orduko ikastaroan, eta, beraz, bi talde antolatu genituen. Lehenengo taldea Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan aritu zen, irailaren 27an eta 28an, 16:00etatik 20:00etara. Bigarrena, berriz, EIZIEren egoitzan, urriaren 4an eta 5ean, ordutegi berean.

ESikasten1.jpg

Irakasleak Berria egunkarian argitaratutako irakurgai bat bidali zien ikasleei ikastaroaren aurretik, eta testu horren zenbait itzulpen aztertu genituen gero ikastaroko lehenengo saioan. Euskaratik gaztelaniara itzultzean izaten ditugun zailtasun nagusiei erreparatzea zen helburua: esaldiaren barruko ordena eta, bereziki, gaztelaniazko «foco»aren eta euskarazko galdegaiaren arteko aldea, esaldien arteko lotura, nominalizazioaren abantaila eta eragozpenak, genero-kontuak eta erreferentzia-elementuen eta kolokazioen garrantzia izan genituen hizpide, besteak beste. Bigarren saioan, berriz, kontu ortotipografikoei erreparatu genien batik bat: maiuskula eta minuskulen erabilera, zenbaki, aurrizki eta maileguen idazkera, artikuluaren erabilera toponimoetan…, betiere RAEren azken ortografia-lanak (2010ekoa) ekarri dituen aldaketak kontuan harturik.

ESikasten2.jpg

Azkenik, gaztelaniara itzultzeko edo gaztelaniaz idazteko kontsulta-material nagusia ere errepasatu genuen, azken urteetan RAEk eta beste erakunde batzuek (esate baterako, Fundéuk, Cervantes Institutuak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak) argitaratu dituzten zenbait lan arau-emaile eta estilo-libururen berri emateko.