#ESikasten: gaztelaniara itzultzen; gaztelaniaz idazten - 2017

Irakaslea

Idoia Santamaría Urkaregi

Helburuak

Euskaratik gaztelaniara itzultzean edo zuzenean gaztelaniaz idaztean izaten ditugun zalantza nagusiak argitzen saiatzea da mintegiaren helburua, itzulpen- eta zuzenketa-ariketa bana oinarri hartuta. Horren osagarri, gaztelaniaz egoki idazteko informazio-iturri nagusien berri ere emango dugu, eta haiek erabiliko ditugu mintegian; besteak beste, RAEk 2009an eta 2010ean argitaratu zituen gramatika eta ortografia berriak eta RAEk eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitaratu berri duten Libro de estilo de la justicia (2017).

Edukia

Euskaratik gaztelaniara itzultzean egiten ditugun akats nagusiez jabeturik, haiei aurre egiteko estrategia batzuk proposatzen saiatuko gara. Halaber, RAEren 2010eko ortografia berriak ekarri dituen ortografia-aldaketa nagusiak ere ikusiko ditugu, eta idazkeran duten eragina aztertuko. Besteak beste, gai hauek izango ditugu hizpide: ordena-arazoak EU-ES itzulpenetan, lokailuak, lexiko-arazoak (zehaztasuna), egitura oker arrakastatsu batzuk, egitura pasibo faltsuak, genero-bereizketak sortzen dituen arazoak… Halakoekin batera, ortografia-kontu garrantzitsu batzuk landuko ditugu berariaz mintegiaren 2. saioan: tilde batzuen erabilera-aldaketa, maiuskula eta minuskula okerreko batzuk, aurrizkiak idazteko gomendio berriak, maileguen idazkera, puntuazio-kontu bihurriak...

Metodologia

Mintegia bi saiotan banatuko da, eta ariketa bana egingo dugu bi saioetan. Mintegia baino egun batzuk lehenago, euskarazko testu bat jasoko dute postaz ikasleek, eta komeniko litzateke, ahal izanez gero, testu hori irakurtzea ikastaro-egunerako (lasai, hala ere, testu hori irakurriz hasiko baitugu denok saioa). 1. saioan, euskarazko testu horren zenbait itzulpen banatuko zaizkie ikasleei, eta itzulpen horietako arazo, zuzenkizun eta proposamenak aztertuko ditugu denon artean. 2. saioa, berriz, zuzenketa-ariketa batekin hasiko dugu, non berariaz jasoko baitira RAEren ortografia berriak ekarri dituen zenbait aldaketa, eta gaztelaniazko estilo-liburu nagusietan jasotako zalantzetarako argibideen berri ere emango dugu.

Norentzat

Euskaratik gaztelaniara itzuli behar izaten duten itzultzaileentzat eta zuzenean gaztelaniazko testuak idatzi behar izaten dituztenentzat.

Non

Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan

Noiz

2017ko irailaren 27an (asteazkena) eta 28an (osteguna)

Ordu-kopurua

Guztira, 8 ordu (4 orduko 2 saiotan)

Ordutegia

16:00 - 20:00

Prezioa

-EIZIEko bazkideek: 90 euro
-Ez bazkideek: 130 euro
-Red Vértice osatzen duten elkarteetako bazkideek: 105 euro
(AATI, ACE Traductores, ACEC, AGPTI, AICE, AIPTI, APTIC, APTIJ, ASATI, Asetrad, ATIJC, ATRAE, AVIC, EspAIIC, FILSE, MET, TREMÉDICA, UniCo, XARXA)

Izena emateko epea

2017ko irailaren 6tik 14ra (biak barne)

IZENA EMAN

Oharra

-Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.

-2017ko irailaren 18an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.