Historia

Donostiako Itzultzaile Eskolako zenbait irakasleren ekimenez eman ziren 1987an euskal itzultzaileen elkarte bat sortzeko lehen urratsak, euskal itzultzaileak eta beren lanak gizartean aintzat hartzen has zitezen lan egiteko eta talde horren interes profesionalak babesteko helburuarekin. 1988an egin zen Elkartearen osaera-biltzarra, 60 itzultzaile inguru bildu ziren bertara, eta Elkartearen estatutuak onartu zituzten bertan, sorrera-helburuak oinarri harturik:

  • Euskal itzultzaileei babes juridikoa eman eta lan baldintzak hobetzen saiatu.
  • Bai euskarara bai euskaratik egiten diren itzulpenen kalitatea zaindu.
  • Euskarara era guztietako lanak itzul daitezen lan egin.
  • Itzultzaileen formazioa hobetu.

Etengabe jardun du elkarteak orduz geroztik itzulpengintzaren eta itzultzaileen alde lanean.

Elkartearen historia labur bezain biziaren berri ematen duen liburuxka argitaratu genuen 2002. urtean, CEATL erakundearen urteko batzarra Donostian egin zela eta.

EIZIEk, 30 urte

Elkartearen 30. urteurrenean, topaketa bat antolatu genuen sortzaileak omentzeko, eta, hala, Lurdes Auzmendik, Xabier Mendiguren Bereziartuk eta Josu Zabaletak sorreraren berri eman ziguten. Miren Ibarluzea eta Bego Montorio ere han izan ziren, beren bizipenak konpartitzen, Karlos del Olmok gidaturiko solasaldian.

Azken eguneratzea: 2018-12-05