Bidai bat Itzultopiara
Itziar Otegi

Itziar Otegiren narrazioa lantegiari buruz

Itzulpengintzan klasikoa dugu itzultzailearen lana artisau batenarekin parekatzen duen irudi metaforikoa.

Zizeronek berak oso antzinako garaietan esanda utzi zuen itzultzaileak hitzak pisatu behar dituela, eta ez duela hitz kopuru bera eman behar, pisu bera baizik.

Mende batzuk geroago, Larbaudek itzultzailearen balantza hartu zuen irudi: itzulpen oro, zioen, hitzak pisatze bat da, jatorri- eta xede-hizkuntzako hitzak testu-balantzaren bi aldeetan jartze bat. Eta bi platertxoen artean oreka erdiesten deneko istant horren etengabeko xerkan ibiltzen dela itzultzailea.

Itzulpenaren teorian oreka istant horri baliokidetza esaten zaio. Ordea, baliokidetza lortzeko platertxoetan zer jarri behar den, teorialariak ez dira ados jartzen.

Nidaren ustez efektuak dira pisatu, orekatu behar direnak, eta hori esanik baliokidetza dinamikoaren ideia sortu zuen. Hala, itzulpen prozesuaren oinarrian dagoen komunikazio ekintzaren eskemako hirugarren elementuan jarri zuen indarra: mezuaren hartzailea den irakurlearengan. Nidarentzat, baliokidetza lortuko litzateke mezu-hartzaileek funtsean eragin bera jasotzen dutenean, mezua jatorrizko hizkuntzan ala xede hizkuntzan jaso. Hori erdiesteko, itzulpen-prozesuak bi hizkuntzen eta kulturen arteko arrakalak gainditu behar ditu, eta itzultzailearen esku legoke arrakalak gainditzeko biderik zuzenenak hautatzea.

Aurrekoaren ildotik, irudi bat sortu genuen irailaren 23ko gure lantegian: gure artean eserita jarri genuen artisau saiatu bat, zeinak erreberentzia handiz esku artean hartuko baitzuen Jatorrizko Obra. Esku trebe ikasiz haztatuko zuen Obra, haren pisua neurtzeko, eta kontu handiz aztertuko zituen haren forma, kolore, irudi, usain, ehundura, soinu eta itzal oro, agerian jarritakoak eta ezkutuan utzitakoak, artelan hura den bezalakoa egiten duen ezaugarri oro atzeman eta ulertu nahian. Behin bererizgarri guztien inbentarioa eginik, hor hasiko da, beste material arras desberdin bat eskuetan hartuta, antzeko forma, kolore, irudi, usain, ehundura, soinu eta itzal sortzeko lanean. Beste material honetaz duen ezagutza sakona lagun, Obraren ezaugarriak bir-sortzen hasiko da, jakinik jatorrizkoaren sakongune edo irtengune guztiak ez direla itsu-itsuan erreproduzitu behar, material honek ez bailituzke beharbada guztiak onartuko. Pisutsuegia litzateke emaitza, edo arinegia, edo distortsionatua. Badaki materialak oso-berea-egitekoak izaten direla, eta zenbaitetan —artisauak bihotz-minez ikasi eta onartu behar izan du— ezinezkoa izaten dela material baten ezaugarri jakin bat beste batean lortzea, eta une lazgarri horietan osotasunaren pisua gordetzea izaten dela garrantzitsuena, eta han goian jarri ezin izan duen koxka horren pisua beheraxeago eranstea badaukala, materialak onartuko dion modu batean. Eta horrela jardunez, egonarri infinitoaz, Obra bir-sortzen du, ez derrigorrez forma, kolore, irudi, usain, ehundura, soinu eta itzal berberekin —banaka hartuta—, baina halako moldez non Obra bir-sortuak ikuslearen begietan eragingo duen proiekzioa Jatorrizko Obrak eragingo lukeenaren oso antzekoa izango baita.

Bai. Badakigu. Itzultopia. Baina irudi horri heldu genion, bidaia-lagun gisa, egun hartako lantegian.

Aurrean hartu genituen Karlos Linazasororen hamaika kontu, guretzat obra orijinal amaitua, frantses eta ingeles irakurleak ere euskal irakurleak gozatzen-nozitzen duen eragin bera hartzeko moduan bir-sortzeko anbizioarekin. Itzultzaileek ekarriak zituzten euren ordain-proposamen landuak, eta jatorrizkoak eta bi itzulpenak esku artean hartuta, lanari ekin genion.

Mikroipuin bakoitzaren hasieran, Autore Jaunari gonbita egiten genion azalpen bat eman zezan, sarreratxo bat, istorio bakoitzaren intentzioari buruz, sortze-prozesuari buruz, edo berezitasunen bati buruz. Itzultzaileek aurretik egindako lanarekin, autoreak emandako informazio preziatuekin, eta besteok botatako globo zundak baliatuz, saiatu ginen ipuin bakoitza den osotasunaren pisua atzematen, eta berau osatzen duten efektuak hautematen, neurtzen, Karlosenak batean eta Sarah Turtle eta Nahia Zubeldiarenak bestean, efektuok balantzaren bi platertxoetan jartzen. Eta guztion artean, auzo-lanean jardunez, erabakitzen genuen lortzen ote zen oreka, edo hurbileko egoera bat, behintzat.

Zenbait adibide jarriko ditut:

"Erietxean: gurutzegrama" ipuinean, jatorrizkoan narrazioa euskeraz garatzen da, baina pertsonaiak gaztelaniaz egiten du gurutzegrama, eta narrazioan tartekatuta agertzen dira hamaika letrako kolore izenak (Aborrachado, opalescente, encardinado……). Hamaika letrako kolore izen horiek azken esaldiarekin lotzen direnean ipuinak bere esanahi eta efektu osoa hartzen, lortzen ditu: Eta nik orain badakit bihotz berriaren kolore hamaika letraduna, hamaika biziduna. Batetik, beraz, euskara eta gaztelania, soziolinguistikoki auzo-hizkuntzak, biak batera ipuin batean. Bestetik, "hamaika", euskaraz, ugaritasunaren ideia. Nola itzuli hori ingelesera eta frantsesera? Ba ote dago efektu horiek erdaraz lortzerik, hain modu soil eta zuzenean?

Hasierako proposamenean, Sarah Turtlek erabaki zuen ezin zituela kolore izenak gaztelaniaz utzi. Gurutzegramak gaztelaniaz egingo lituzkeen ingeles hiztun bat, ez da inondik ere jatorrizkoak proposatzen duena bezain ohiko eta arrunt, "normal" (eta gainera, ba al zenekiten? Ingalaterran gurutzegramak desberdinak omen dira…!). Ingelesez, ordea, nekez aurki daitezke hamaika letrako kolore izenak, eta Sarahk zazpi letrako bihurtu zituen (Saffron, carmine, scarlet…). Zazpik ba al du, ordea, ugaritasunaren ideia hori, ingelesez? Beharbada bai, pentsatu genuen batzuek; adibidez, katuek zazpi bizitza dituztela esaten da, gizakien aldean bizitza ugari dituztela adierazteko. Baina ingelesez katuek bederatzi bizitza dituzte, aizue, ez zazpi! Eta hona Sarahren azken soluzioa: bederatzi letrako koloreak aurkitu zituen (Raspberry, goldenrod, malachite…), eta azken esaldia, berriz, honakoa bihurtu zen: And now I know the nine-letter word which is the colour of the new heart with nine lives.

Nahia Zubeldiak, berriz, frantsesaren materiala hartuta, hasieran frantsesa eta gaztelania ere nolabait auzo-hizkuntz badirela eta kolore izenak gaztelaniaz utzita egin zuen proba. Azken esaldia, berriz, honakoa: Et je connais désormais la couleur aux mille lettres, aux mille vies. Ezin etsi, ordea, eta azkenean beste bide honetatik jo zuen, bere iritziz jatorrizkoaren efektuekiko hurbilagokoa: hamar letrako kolore izenak sortu (Andrinople, opalescent, incarnadin…), eta azken esaldian trantsizio-esaldi bat sartu, eta honela utzi: Et je connais désormais la couleur du nouveau c'œur, la couleur aux dix lettres, aux mille lettres, aux mille vies.

Beste adibide bat: "Antropofobia" izeneko ipuinean, esaldi batean malbabisko goxokiak agertzen dira: Enbalaje Saileko arduraduna, (…) atzo arte malbabisko goxokiak oparitzen zizkigun gizon puska (…). Hasierako bertsioetan boiled sweets (ingelesez) eta guimauves (frantsesez) ziren. Gero, ordea, Autore Jaunak azaldu zigun zergatik ziren malbabisko gozokiak, eta ez beste edozein gozoki: haurtzaroko gozokiak omen, garai hartan oso ohikoak, eta egun, berriz, xaharrek soilik erosten dituztenak, umeei oparitzeko, gehienetan. Haurtzaroko zaporea, beraz, zahartzaroan haurtzaro galduaren irudi bihurtzen dena, eta haurtzaro-minez atzetik datozen umeei eskaintzen zaiena. Garai batean puri-purikoa, eta egun, berriz, modaz pasatakoa, zaharkitua. Eta voilà: hasierako boiled sweets haiek humbugs bihurtu ziren ingelesezkoan, eta guimauves haiek, berriz, berlingots, frantsesezkoan. Hona hemen adaptazio adibide zoriontsu bat, itxura denez, hiru kulturetan aurki baitaiteke antzeko gozoki bat, oso antzeko oihartzunak iratzartzen dituztenak. Adaptazioa, beraz, edo egoeren arteko baliokidetza.

Guztietan izan genuen kezka erritmoa, esaldi trinko landu horien doinu eta musika berezia islatu beharra, hizkuntzaren berezitasuna errespetatuz. Nahiak gertutik jarraitu zien etenei, tartekiei, hausturek euskarazkoari ematen zioten erritmo bereziari hurbiletik eutsiz. Sarah, berriz, ingelesak haustura horiek ez dituela hain erraz onartzen, eta esaldiak gutxiago etetearen aldekoa zen. Gure belarri ez-anglofonoen irudipenak hala eskatuta, koma batzuk negoziatu genituen, baita batzuk lortu ere, baina beti —nola ez, bada— azken hitza Sarahri utzita, ingelesa ama hizkuntza duen bakarra baitzen.

Zenbat buelta ez ote genizkion eman "RIP" ipuinari, bertan agertzen den Machado/Otaño-Polipaso oposizioari, heriotzarekin lotutako euskal esapide segida horri (aitak goian bego esaten zuen, eta egun handira arte……), eta, horiekin batera, esplizituki adierazi gabe atzean dagoen guztiari (alegia, euskaraz esaten zituela, eta Machado gaztelaniaz zela). Non geratzen dira oihartzun inplizitu horiek denak hitzok ingelesez eta frantsesez jartzean? Eta zer egin? Esapideok euskaraz utzi, eta gainerako guztia ingelesez eta frantsesez jarri? Merezi al du horrek frantses eta ingeles irakurlearengan eragingo duen arroztasuna? Ezetz erabaki zen, ez zuela merezi, eta esapideok itzuli eta letra etzanez markatzea izan zen soluzio hobetsia. Eta zenbat buelta eman ote genizkion hitz eta esapide bakoitzaren pisuari: efektu berdina al dute larrua jo, to fuck eta baiser esapideek euren irakurleengan? Eta bihotza hondatu egin zaiola esatea, eta aldatu egin behar diotela, euskara neutroa al da, edo nolabait markatua? Ez al du makineria bizigabe baten efektua sortzen eremu semantiko hori erabiltzeak? Edo, aldiz, markatua litzeteke bihotza transplantatu egin behar diotela esatea? Nola itzuli hondatu hori frantsesera? Remplacer le cœur blessé/endommagé/abimé? Eta ingelesera, they have to change the child's heart, it got damaged…

Eta horrela jardun genuen ordu luzez, autore gajoa etenik gabeko itaunketa gordin batera jarrita, beharbada élan créatif bete-betean idatzitako hitz eta esaldien nondik norako zehatzenak ere erauzi nahian. Eta hemen hitz bat leundu, hor beste bat indartu, han, berriz, galdutako zerbait konpentsatzen saiatu, nonbait huts egindako ñabardura bat gehitu, paragrafo batean koma bat kendu erritmoa bizitzeko, hurrengoan berriz koma bat jarri esaldia indartzeko… etengabeko doiketan, gure bi platertxoen arteko oreka preziatu hori lortzeko eginahal setatian.

Eta bukaeran, nola saihestu galdera: lortu ote genuen? Geure buruari zer erantzun ez genekiela geratu ginen, zurtuta, erantzunaren aztarnarik gabe, bihotza hersturak hartuta. Nola erantzun galdera horri? Ba al du erantzunik galdera horrek?

Azkenean, Gerardo Markuletak harako haren hitzak ekarri zituen gogora, eta gure herstura nolabait lasaitu: esaten dute itzulpen perfektua ez dela existitzen, baina haren atzetik ibiltzeak asko laguntzen duela itzulpen on bat lortzen.

Esaldi honen oihartzun gisa beste bat datorkit gogora, utopia helmuga ez baizik eta bide eta akuilu dela dioen hura.

Horratx, beraz, gure Itzultopiaranzko bidaiaren narrazioa.

Bidaiari honentzat, bidaldi zinez aberasgarria.