Hizkuntza internazionalismoaren ahuldadea - Albert Branchadell

2005 Apirila 19
Hizkuntza internazionalismoaren ahuldadea - Albert Branchadell

Espainian boladan dago «hizkuntza internazionalismoa», edo «hizkuntza handien ideologia». Izendapenok Juan Ramón Lodaresen azken liburutik (El porvenir del español) hartuak dira, bera aspaldidanik ari baita halakoen predikua egiten; azken denboran, ordea, eledunen saldoak ahots ugariago eta nabarmenagoak ditu: badira hor filosofoak, Félix Ovejero bezala, edo Espainiako Errege Akademiako kide entzutetsuak, halako nola Francisco Rodríguez Adrados eta Gregorio Salvador.

Hizkuntza internazionalismoaren arrazonamenduei berehala antza hartzen zaie. Lehenak dio hizkuntza komunikazio tresnak direla. Zeruko eguzkia baino argiago den hori inork auzitan jartzen ez duenez, arrazonamendua egiazki hobeto ulertzen ahal da ezezkotik: hizkuntzak komunikazio tresnak direla baieztatzen denean, ukatu egiten da hizkuntzak nortasunaren adierazle ere izan daitezkeenik, nahiz Gizateriaren atal handi batek erabat kontrara uste duen eta askotan bizia ere jokatzeko prest dagoen norberaren komunikazio tresna zehatz horren alde.

Bigarren arrazonamenduak dio hiztun ugariko hizkuntzak hobeak direla hiztun urrikoak baino, eta hortik hizkuntza politikazko ondorioak atera ohi dituzte, «internazionalista» batzuek esamolde gordinagoz eta besteek gozoagoz: Salvadorrek, mutur-muturrean, ez du lotsarik jende aurrean argi eta garbi esateko berak «ñimiño» deitzen dituen hizkuntzak itzaltzea nahi lukeela, nazioarteko erakundeek eta gobernuz kanpoko milaka elkarteek munduko hizkuntza aniztasuna babesteko hartzen duten arduraren eta lanaren aurka.

Hirugarren arrazonamenduak, azkenik, adierazi nahi luke hizkuntza handien zabalkundea aitzinaldi «natural» bat dela, jendeak bere baitatik egindako hautuaren emaitza. Esan nahi baita, hizkuntza inperialismorik ez dagoela. Ñabarduraren baten gorabeheran, Lodaresek idatz zezakeen erregek Cervantes sari batean esan zuena (edo esanarazi ziotena): «Gurea ez da inoiz indarrez ezartzeko hizkuntza izan, elkartzekoa baizik; inor ez da sekula gazteleraz egitera behartua izan: hango eta hemengo herri askok hartu zuten, borondate guztiz askeaz, beretzat Cervantesen hizkuntza». Antzera mintzo zen Félix Ovejero egunkarian («De lenguas, sendas, mercados y derechos», El País, 2005-02-28): hizkuntza handien aldeko egoera finkatzen duten indarrek «ez dute zer ikusirik merkatuarekin edo kapitalismoarekin» -berriro ere, munduko herritar askoren esperientziaren aurka-.

Hizkuntza internazionalismoaren arazoa, ordea, ez dago bere arrazonamenduen inguruko zalantzetan; izan ere, erabat oker egon daitezke hizkuntzek berezkoa balioa dutela eta, horregatik, hizkuntza inperialismoatik babestu beharraz sinetsirik dauden milioika lagunak. Hizkuntza internazionalismoaren bene-benetako arazoa bere barneko akats eraman ezinak dira. Lehena da neurri bi lotsa barik erabiltzea: gazteleraren nazioartekotasuna harrotzen dute Paraguayn guaraniera edo Euskal Herrian euskara gutxiesteko, baina golkoan gordetzen dute espainierak hizkuntza handiagoei aurre egin behar dienean, adibidez ingelesari Estatu Batuetan edo Europar Batasuneko hizkuntza handiei Bruselan. Aspaldi ez dela, Europar Batzordeko eledun Françoise Le Bailek sortu zuen iskanbila oso adierazgarria izan zen. Europar zergadunoi euro eskukada batzuk aurrezte aldera, Le Bail deliberatu zen Batzordearen prentsa aurrekoen interpretazio sistema aski eskuzabala mugatzera, Batasuneko hiru hizkuntza erabilienetara: ingelesa, frantsesa eta alemana. Benetako «internazionalista» batek gutxiegi iritziko zion oraindik murrizketari: ingelesa aski baldin bada, zertarako bazterrak nahasi alferrikako frantses eta aleman horiekin? Espainieraren mesedetan, Europar Batasunean dagoen enbaxadorea ez dator bat Lodaresekin, eta protesta gogorra egin zuen Le Bailek ezarritako murrizketaren aurka, italiar ordezkariarekin batera eta bataren zein bestearen gobernuaren laguntzaz. Azkenean, europar eledunak atzera egin behar izan du, benetako «internazionalistaren» etsipengarri, izan ere, zelarik nahi ez bazuen orain arbalda eman baitiote, lehengo hiru hizkuntzen lekuan orain zazpi izango dituenez (Le Bailen hiruak gehi espainiera, italiera, poloniera eta nederlandera). Oso jakingarriak dira Carlos Basterreche enbaxadorearen arrazoibideak: arazoa ez da Bruselan ari diren espainiar kazetariek ez dutenik ulertzen ingelesez, frantsesez edo alemanez (gaizki ginateke hala balitz), baizik «espainiera babestea nire gobernuaren lehentasunetako bat» dela!

Hizkuntza internazionalismoak bigarren akatsa du demokraziaren aurkako joera. Ekar dezadan hona Lodaresek eta enparauek irakurri ez duten Dworkin liberalaren metafora, karta jokoan oinarritua: hizkuntza handien balioa joker bat da hizkuntza txikiagoen hiztunen aurrean, eta, jakina, halakoen aurrean ez dago ezbairik. Espainiari gagozkiolarik, axola gutxi dute katalana/valentziera, euskara eta gailegoa sustatzeko politikaren aldeko iritziek, axola gutxi du Konstituzio Auzitegiak politika horri eman izan dion oniritziak. Berriki plazaratutako artikulu batean («El español en España», Abc, 2005-03-04), Francisco Rodríguez Adradosek aho betean eskatu zuen autonomia erkidegoetako «konstituzioaren aurkako» hizkuntza legeria indargabetzea. Rodríguez Adradosek konstituzioaren aurkakotzat joko luke, ezbairik gabe, 1994an auzitegi horrek eman zuen epaia Kataluniako eskolaren hizkuntza eredua, gaztelera baztertu gabe katalana jartzen baitu bere «grabitate zentroan». Hartara jarriz gero, Konstituzioa bera ere konstituzioaren aurkako litzateke, 3. artikuluaren barnean halako kontraesan bat adierazten baitu gazteleraren ofizialtasuna eta «gainerako espainiar hizkuntzena» aipatzen duenean. Nolanahi den ere, Espainiako hizkuntza txikietako hiztunen borondatea ostera nabarmendu da politikaren esparruan: Katalunian bederen, joan den otsailaren 20ko galdeketan ezezko bozka eman zuten askoren arrazoia izan zen europar erakundeetan katalanak/valentzierak izango duten leku urria. Eta baiezko bozka ematera deliberatu ziren askok, berriz, hala egin zuten Moratinosek joan den abenduaren 13an Europar Batzordeari bidali zion txostenaren balioaz sinetsirik, non eskatzen baitzuen Europar Batasunak «Espainiako hizkuntza ofizial guztiak» onartzea.

Hizkuntza internazionalismoaren akatsik handiena, baina, sinplekeriazko manikeismoa da zalantzarik gabe, hizkuntza antropologia ezin eskasagoaren erakusle baita. Jar gaitezen hizkuntza txiki baten hiztunaren lepoan: Gregorio Salvador bezalako «internazionalista» baten esanetara («Lenguas minúsculas», Abc, 2005-01-19), hiztun horrek bi irtenbide besterik ez du: bata, «norberaren zortzikoari» eta «zentzugabekeria atzerakoiari» amore ematea, bere «hizkuntza espetxe estuaren» giltzapean gelditzeko; edo, aitzitik, bere hizkuntza utzi eta hizkuntza zabal eta jendetsuago batera murgiltzea, «bere mundua eta etorkizuna zabaltzeko» aukerari atxikirik. Tertium non datur: hizkuntza txikia utzi gabe hizkuntza handia hartzeko aukera bera ere baztertu egiten dute beste gabe. Eta, bazterrik bazter, munduko lanbiderik zaharrena ere bazter uzten dute, lanbide hori ez baita gehienetan esaten den hori, baizik itzultzailearena: «internazionalistek» begien bistatik ezkutatzen digute interpreteei esker hizkuntza bat bera hitz egitea ez dela inoiz izan elkar ulertzeko baldintza ezinbestekoa.

Antzinateko grekoek hutsari nola, «internazionalistek» izua diote hizkuntza aniztasunari. Buruhauste handi bat dute, baina: eleaniztun den eta izango den mundu eta nazio batean bizi dira. Datozen hilabeteotan argituko zaigu kazetaritza tribunatara jalgi den «internazionalismo» hori esparru politikora ere lerratuko ote den. Diputatuen Kongresuan katalana/valentziera, euskara eta gailegoa erabiltzeko aukera izanen da aurki etorriko den froga. Hizkuntza horiek inola ere erabiltzea galarazten baldin bada, «internazionalistek» txanda irabazia izango dute (eta diputatu batzuek argudio bat gehiago izango dute Espainiatik «joateko»); aldiz, eztabaida lasai bat zabaltzen bada, liskar kaltegarriez behingoz askaturik, zuhurtasunaren araberako arau eta epeen egokitzapen bat lortzen ahalko da hizkuntza horientzat, eta ondorio txar bakarra izango da gure «internazionalista» amorratuenen jantzi urraketa.


Albert Branchadell
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Itzulpen eta Interpretazio Fakultateko irakaslea eta Eleaniztasunaren aldeko Erakundeko lehendakaria da.

Artikulu hau El País egunkarian argitaratu zen gazteleraz 2005eko martxoaren 29an. Egilearen baimenaz itzuli eta argitaratu dugu hemen.