Andres Urrutia izango da euskaltzainburu

2004 Abendua 21
Andres Urrutia izango da euskaltzainburu

Andres Urrutia izango da euskaltzainburu, Jean Haritschelharren ordez, Euskaltzaindiak gehiengo osoz. Urrutiarekin batera, aurreko zuzendaritzako bost kide izanen dira akademiaren buru: buruordea, Beñat Oihartzabal; idazkaria, Xabier Kintana; diruzaina, Jose Luis Lizundia; Iker sailburua, Henrike Knörr; eta Jagon sailburua, Andres Iñigo. Esan daiteke Urrutia izango dela lehen euskaltzainburu itzultzailea.

Legegizona

Legegizona

Andres Urrutia Badiola Bilbon jaio zen, 1954ko abenduaren 21ean. Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean (1976an eskuratu zuen titulua). Notario izateko lehia gainditu ostean, Ondarroako notarioa izan zen, 1981etik 1994 arte. Harrez geroztik, Bilbon da notario. Horrez gain, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakasle da. Hain zuzen, Deustuko Unibertsitatearen barnean ahalegin handiak egin ditu euskara gai juridikoetan erabiltzeko.

Euskararen Aholku Batzordeko kidea izan zen 1984tik 1988ra bitarte. Legeen esparruan, lan lexikografiko eta terminologiko asko egin ditu, UZEI elkartean eta Labayru Ikastegian. Besteak beste, Euskal Herriko Foru Zuzenbideari buruzko Legea atondu zuen legelarien batzordean parte hartu zuen.

Euskaltzaindiak 1991n euskaltzain urgazle izendatu zuen eta sei urte geroago, 1997ko martxoaren 21ean, euskaltzain oso. Alfontso Irigoienen ordez izan zen hautatua eta sarrera hitzaldia Bilbon egin zuen, «Legearen zirrikituetatik barrena: ahozkotik idatzizkora» gaiaz. Jose Antonio Arana Martijak erantzun zion.

Akademiaren barnean Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoaren batzordekide eta buru izana da. Gaur egun Jagon sailburua da, bai eta Argitalpen Batzordeko kidea eta Lege-Ekonomia Batzordeko kidea ere.

Testu juridikoen itzultzaile

Andres Urrutiak lan handia egina du lege testu euskaratzen. EIZIEko lehendakari izandako Gotzon Loberarekin batera, koordinatu ditu Deustuko Unibertsitateak argitaraturiko euskarazko zuzenbide eskuliburuak (zuzenbide zibila, merkataritza zuzenbidea, zuzenbidearen historia, lan-zuzenbidea....) eta lege-testuen bertsio elebidunak, gaztelaniaz eta euskaraz, besteak beste, 2003an, Espainiako Konstituzioaren euskarazko bertsio eguneratua, Euskaltzaindiak egina, Deustuko Zuzenbide Fakultateko zenbait irakaslerekin batera.

Bide beretik, aurten argitaratu da urte luzetan landutako Kode Zibilaren euskarazko bertsioa, historian lehenengo aldiz. Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak, Euskal Gaien Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egin dute lan hori, eta Andres Urrutia izan da lantaldearen buru.

Halaber, testu juridiko zaharrak aztertuak ditu; besteak beste, argitaratu berria du Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833-1877 Euskarazko testuen bilduma eta azterketa, XIX. mendeko euskarazko testu juridiko-administratiboen bilduma, hiztegiaz eta hizkuntza azterketa xehe batez lagundua.

Literatur itzultzailea

Lege esparruko itzultzaile gisa egin duen lan zabalaz gain, Andres Urrutia literatur itzultzaile trebatua da. Gailegotik hiru obra euskaratuak ditu: Xosé Neira Vilas idazlearen Memorias dun neno labrego (Mutiko baserritar baten oroitzapenak, 1988, Labayru Ikastegia) klasikoa; Xosé Luis Méndez Ferrínen Retorno a Tagen Ata (Tagen Atarako itzulera, 2000, Labayru Ikastegia); eta Fina Casalderreyren Dúas bágoas por Máquina (Bi malko makinarengatik, 1999, Elkarlanean). Zenbait autoreren narrazioak ere euskaratu ditu, besteak beste, Méndez Ferrínenak, Alvaro Cunqueirorenak, JRR Tolkienenak eta James Joycerenak.