XVIII. Jokin Zaitegi sariketa

2004 Azaroa 23
XVIII. Jokin Zaitegi sariketa

Literaturako Nobel Saria euskaratzeko beka 2004. Aurreko urteetako arrastoan, aurten ere Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi Sariaren deia egin dute, Literaturako Nobel Saria jaso duen Elfriede Jelinek-en Die Liebhaberinnen eleberria euskaratzeko.

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XVIII. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, iaz hasitako bideari jarraituz, Literaturako Nobel saridun baten lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

  1. 2004an Suediako Akademiak Elfriede Jelinek austriar idazleari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Jelinekek idatzitako Die Liebhaberinnen eleberria itzularaztea da.
  2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo sei orrialdeak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2004ko abenduaren 15a baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta horren azalean goiburu bera errepikatu.
  3. Lehen sei orrialde horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku hauek eskatu ahala ­telefonoz, idatziz nahiz posta elektronikoz. Internet bidez ere lortzen ahal da testua, helbide honetan.
  4. Urtzi Urrutikoetxeak, Edorta Mataukok eta Maria Colerak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2005eko urtarrilaren amaiera baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute.
  5. Irabazleak 3.200 euroko saria irabaziko du Die Liebhaberinnen eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2005eo irailaren 1ean entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

Informazioa
AED: +34 943 771228 - kultura@aedelkartea.com
Elkar: +34 943 310267 - literatura@elkarlanean.com