Itzulpen ikasleentzako lehiaketa

2004 Azaroa 1
Itzulpen ikasleentzako lehiaketa

Europako Batasuneko Erakundeen Itzulpen Zentroak idazlan lehiaketa deia egin du, «Eleaniztasuna oroz gain» gaiaren inguruan. Europako Batasuneko herrialdeetan itzulpen ikasketak egiten ari diren ikasleak izan daitezke partaide. Lanak aurkeztu daitezke 2004ko abenduaren 31 bitarte.


Nor izan daiteke partaide?

Lehiakide izan daiteke Europako Batasuneko herrialderen bateko goi-mailako ikastetxe batean itzulpen ikasketak gutxienez 3. ikasturtean egiten ari den ikasle oro.

Edukia

Ikasleak bere ikusmoldea eman behar du «Eleaniztasuna oroz gain» gaiaren inguruan, betiere ikuspegi hauetakoren bat aintzat hartuta: itzulpengintzaren egitekoa, baldintzapenak eta auziak, 25 kideko Europako Batasun kulturaniztun eta eleaniztunaren barnean.

Publizitatea

Lehiaketa Itzulpen Zentroaren webgunean argitaratu da.

Lehiaketa arauak

Artikulua: Lehiakide bakoitzak artikulu bakarra aurkezten ahal du, betiere egileak izenpeturik eta haren ezaugarri guztiak (izen-deiturak, helbidea, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta ikastetxearen izena) bertan ageri baldin badira. Aurkeztutako artikulua ezin da aurrez saritua izan beste lehiaketa batean, ez eta argitaratua ere, paperean nahiz beste edozein eratan.

Hizkuntza: Artikulua Europako Batasuneko hizkuntza ofizial batean idatzita aurkeztu behar da, eta lehiaketaren bi hizkuntzaren batean (frantsesa edo ingelesa) itzulita.

Aurkezpena: Artikuluak gehienez hiru orrialde izan behar ditu, hori da, 4.500 letragune hutsuneak bazter utzita. Artikuluaren luzera neurtuko da egileak hautatutako lehiaketako hizkuntzako testua kontuan hartuta. Letra molde hauek gomendatzen dira: Arial narrow, Helvetica eta Times New Roman (12 puntukoa). Erreferentziak aipatuz gero, izenburuak, egileen izen-deiturak eta argitalpen datak orri bereizi batean aurkeztu behar dira. Artikulua paperean inprimatuta eta euskarri elektronikoan (Word formatuan CD-ROM batean) aurkeztu behar da.

Parte hartzea: Partaide izateko izen-emate orria bete behar da, Itzulpen Zentroaren webgunean ageri dena. Orri hori behar bezala beterik eta itzulpen ikasketen egiaztagiria artikuluari atxikirik aurkeztu behar dira.

Artikuluak nora bidali?

Izen-emate orria, ikasketen egiaztagiria eta artikulua, hirurak batera, helbide honetara bidali behar dira:

Centre de traduction des organes de l'union européenne
Présidence du jury du concours « Multilinguisme à tout prix »
1 rue du Fort Thüngen
L-1499 Luxembourg

« Multilinguisme à tout prix » lehiaketaren aipamena argi azaldu behar da gutunazalean. Partaide bakoitzari jaso-agiria bidaliko zaio.

Egutegia

Lehiaketa zabalik dago 2004ko azaroaren 1etik aitzin, eta lanak aurkezteko epea 2004ko abenduaren 31n amaituko da.

Hautapen irizpideak

Itzulpen Zentroak izendatuko du epaimahaia, lehendakariak, lau kidek eta idazkariak osaturik. Hiru lan saridunak hautatuko ditu, irizpide hauen arabera:

  • gaiaren gaineko jakintza,
  • testuaren kalitatea,
  • edukiaren originaltasuna,
  • sormena.

Saria

Lehiaketak hiru lan sarituko ditu, epaimahaiak hautatutakoak hain zuzen. Hiru egileek sari hau jasoko dute:

  • Sari emateko ekitaldirako gonbidapena, Itzulpen Zentroak 2005ean Luxemburgen egingo duen mintegiaren barne. Bidaia eta egonaldi gastuak Itzulpen Zentroaren kargu izango dira.
  • Artikulua Europako Batasuneko hizkuntza ofizial guztietara itzultzea, eta, behar balitz, aurkeztutako itzulpena berridaztea.
  • Artikuluaren argitarapena CD-ROM euskarrian eta Itzulpen Zentroaren webgunean.
  • Lau hilabeteko egonaldia Itzulpen Zentroan.

Emaitzen berri

Lehiaketako irabazleekin zuzenean jarriko da harremanetan Itzulpen Zentroa, 2005eko lehen hiruhilekoan. Izenak Itzulpen Zentroaren webgunean emango dira aditzera.