Idazlea eta beraren itzultzaileak

2004 Urria 13
Idazlea eta beraren itzultzaileak

Joan den irailaren 6tik 10era Tarazonako Itzultzaile Etxean Pello Lizarralderen Un ange passe ipuina itzuli zuten lau hizkuntzatara. Esperientziaren berri eman zuen Edurne Alegriak Berba berripaperan.

"Egia da euskaraz egindako testuak beste hizkuntzetara itzultzea ez dela nobedadea, baina ez da ere hain ohikoa, zeren jakin badakigu, maiz, gaztelerazko bertsioa erabili izan dela, zubi-hizkuntza gisa, beste mintzairetara itzultzeko. Esperientzia honen helburuetako bat, hain zuzen, euskaratik zuzenean itzul daitekeela frogatzea izan da eta gure literatura esportatu dezakegula inongo konplexurik gabe. Bestalde, ekimen honek itzultzaile-lanak berekin duen bakardadetik atera gaitu, ezkutuan egon ohi den pertsonaia, idazlea alegia, gure ondoan egon baita testuari buruzko zalantzak argitzeko eta zehaztasun guztiak emateko, eta bidenabar, gure lana gainerako itzultzaileekin alderatzeko parada izan dugu, batzuetan hizkuntza bakoitzaren berezitasunak nabarmenduz eta besteetan idatziaren zailtasun komunak azalduz. Itzultzaileontzat saio zinez aberasgarria".

Irailaren 10ean Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean egin zen aurkezpen-ekitaldia eta mintegian landutako ipuinaren zati labur bat irakurri zuten, bost hizkuntzatan, mahai-inguruaren ondoren.

Hemen dauzkazu ipuinaren itzulpen batzuk eta irakurraldiak entzungai.

(Argazkia: Zaldi Ero)