In memoriam: Emilio Benito

2004 Otsaila 13
In memoriam: Emilio Benito

Gaixotasun luze baten ondoren, otsailaren 12an hil zen Madrilen Emilio Benito, Atril enpresaren burua eta Déjà Vu itzulpen memoria sistemaren sortzailea, 56 urte zituela.

Gaitzak lanetik erabat aldendu zuen arte 2003aren hasieran, Emilio Benitoren sorkuntza eredu bat izan da azken hamar urteotan itzulpen softwareren esparruan. Emilio Benitok sortutako Atril enpresak itzulpen memoria sistema sendo, bizkor eta fidagarria eskaintzeaz gainera, bezeroa beste inork ez bezala zaintzeko ospea du. Déjà Vu-ren erabiltzaileek ongi dakite zenbateraino ahalegintzen diren bezeroari laguntza tekniko on bat ematen.

Azken bi urteotan, Emilio Benitok pixkana-pixkana bere ardurak Atril-eko lantaldearen eskuetan utzi zituen, bere seme Daniel buru zelarik. Elkarlan horretatik sortu da Déjà Vu X, itzulpen memoriak erabiltzeko tresna honen aro berri bat zabaldu duena.

Emilio Benitoren bizitza eta lana apaltasunak gidatu zuen beti, eta sen ikaragarria izan zuen itzultzailearen beharrak ongi atzemanda, bere softwaregintza behar horietara orpoz-orpo egokitzeko. Ez zituen, inolaz ere, itzultzaileak ingeniariek irudikatutako esparruetara ekarri nahi, baizik, alderantziz, ahalegin handi bat egin zuen ingeniarien sorkariak itzultzaileen benetako langintzara makurtzeko.

Lerro hauetatik, bihoakio EIZIEren omen xume bat.