Kanadako armada frantseseko interprete bila... alferrik

2004 Otsaila 4
Kanadako armada frantseseko interprete bila... alferrik

Afganistanen zaintza lanetan den Kanadako armada ezin aurkiturik dabil frantses interpreterik; ia beti, non, merci... izaten dute erantzun bakarra.

Armada kide ingelestunen ordez, Kabulera orain dela bi hilabete luze iritsi ziren Royal 22e Régiment de Valcartier osteko soldadu frantsesdunak, baina harrez gero saiatu arren, kanadar arduradunak ezinean ari dira afganiar talde bat osatu nahirik, interprete gisa soldaduei laguntzeko.

«Ez dut frantsesez mintzatzen dakien inor aurkitu -adierazi du Tim Button liutenantak, interpreteak aurkitzeko ardura zaila ezin ezkutaturik. Baten bat azaldu zaigu, esanez bazekiela frantsesez, baina mintzatzen hasi natzaion orduko agerian gelditu da ez zekiela hitz bat ere frantsesez».

Nolanahi den ere, Kabulen badira eskola pribatu frantses batzuk, baita frantseseko saila unibertsitatean ere. Diplomadunek, ordea, ez dute armadarentzat lanik egin nahi.

«Dirudienez, frantsesek ongi dakitenek ez dute gurekin lan egin nahi».

Dagoeneko, 36 bat interprete dira Kanadako armadarentzat lanean Kabulen, ingelesa bitarteko dutela betiere. Batik bat, darieraz eta paxtueraz egiten dute, soldaduak Camp Julien kasernatik irteten direnean. Hilean batez beste 400 bat dolar irabazten dituzte, lan ordu osagarriak kontuan hartu gabe: lansari ikaragarria afganiar funtzionario baten aldean, hilean 12 bat dolar irabazten baititu.

Button liutenantak ingelesezko interpreteak hartu behar izan zituenean, ez zuen hots handirik atera behar izan: deirik egin gabe, zerrenda luzea aurkeztu zitzaion. Frantsesezko interpreteekin, berriz, buruzagi erlijiosoei ere adierazi die nolako beharra duten, baina ziria sartu nahi zion bakar baten eskaintza besterik ez du jaso.

Armadarentzat lanena ari diren interprete batzuk ahalegindu dira frantsesez ikasten, baina alferrik da, oraingoz.

«Hitz batzuk ikasi ditut: Ça va bien ? Oui, ça va, Comment allez-vous ? -adierazi du ingelesa Pakistanen ikasi zuen Aurangzaib Sharifi kabuldarrak. Baina ezin dugu frantsesez ikasi. Nik ikasiak ditut bost hizkuntza, eta ez daukat seigarren batentzako lekurik, egia esan...».

Valcartier gudarosteko unitate batzuk ari dira lanean Camp Julien-en, baina oraingoz ingelesezko interpreteekin moldatu beharko dute. Ez dira askoz hobeto ari beste herrialde batzuetako soldaduak, hala nola Kroaziakoak edo Espainiakoak, keinuka eta ingelesez zizaka aditzera eman behar baitute.

Soldaduekin izandako elkarrizketa batean, Valcartier-eko soldaduen erdiak eskatu diete ofizialei frantsesezko interpreta nahi dutela.



Le Devoir egunkarian argitaratutako albistearen itzulpena eta moldaketa.