Zuzentzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko mokaduak

2019 Urria 25
Zuzentzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko mokaduak

Urriaren 27arekin ospatuko dugu zuzentzaileen eguna, zuzenketari buruzko testu batzuk gogora ekarriz eta igandean bertan irratian izango den solasaldi bat entzunez.


Itziar Díez de Ultzurrun EIZIEko lehendakariaren hitzak ekarri ditugu hona:

Okerraz ohartzen garenean oroitzen gara zuzentzaileez. Gaizki jositako esaldi batek begietan min ematen digunean edo pasarte baten ilunak akitzen gaituenean sumatzen dugu haien hutsa.

Testu zuzentzaileak ikusgarri egiten zaizkigu, noiz eta haien antzea eta eskua falta direnean. Beren lana artoski betetzen dutenean, ordea, itzalean gelditu ohi dira munduko irakurlerik finenak ere badiren lankide ikusezin horiek.

Hala ere, beren itzaleko lan horretaz baliatzen gara idatzi beharrekoa zuzen eta argi emateko, laprastadak ekiditeko, esaldiak artez lotzeko, mordoilokeriak eta garbikeriak saihesteko, testua jatorrizkoa izan edo itzulpena izan. Testugileen eta, beraz, itzultzaileen lankide ezinbestekoak dira, nonahi eta noiznahi, baina are beharrezkoak zaizkigu orain eta hemen, gure egoera diglosiko dontsu honetan.

Ospa dezagun, beraz, egun hau, Pizkundeko humanista Erasmo Rotterdamgoaren oroimenez, eta euskal zuzentzaile prestuenganako esker onez. Ospa dezagun haien lana balioetsiz eta argitara ekarriz. Ospa dezagun, adibidez, haien lanaz diharduten testu hauetako edozein irakurriz.

Irratsaioa

Bestalde, igandean bertan, Idoia Santamaría Urkaregik zuzenketaz jardungo du solasaldi batean, Radio Euskadiko Más que palabras irratsaioan, goizeko 9:00etatik aurrera.